El secreto de las piedras rojas de arrigorriaga

ruta turística de arrigorriaga el secreto de las piedras rojas

1
Euskara
2
Euskal mitologia
3
Padurako gudua
4
Batzar Nagusiak
5
Gerra karlistak
6
Ekonomia
7
Emigrazioa
8
Herri Kirolak

Padurako gudua

Kondairak dio eliz atarian dagoen harrizko sarkofagoan Ordoño leondar printzearen gorpua dagoela. Hilobi hau herriari izena eman zion bataila izugarriaren froga nabarmena omen da. Gertaera hau nolabait Euskalerriaren historiako lehen mugarri epikoetarikotzat hartzen da gaur egun ere: Padurako bataila.

Baina sarkofagoa benetan XIV. mendeko hilobi apala da eta bataila ziurrenik ez zen inoiz gertatu. Baina berari buruzko kondaira hain zaharra denez eta mendeetan zehar hainbeste jenderi eragin dionez, kondaira ezagutzea interesgarria izan daiteke.

Gertaera hau kontatzen duten lehen testuak 1340. urtearen inguruan idatzi ziren eta ordurako zaharra zen kondaira eta mundu guztiak ezagutzen zuen. Ondoren, idazle eta kronikagile askok bataila handi horren aurreko gertaerak eta zergatiak bertsio ezberdinetan kontatu dizkigute eta, baita ere, batailaren ezustezko emaitzak ekarri zituen ondorioak. Beren ahotsak entzunez, kondaira gogoangarri eta ilun honen barruan murgil gaitezke eta Arrigorriagan 888. urteko ekaineko egun batean gertatutakoari buruz esaten dutena ezagutu ere...

batalla de padura

"Vaqueira"ren oihartzuna

Lehenengo asturleondar erregeen garaietatik Bizkaiko lurraldea behartuta zegoen urtero zerga berezi bat ordaintzera: zaldi bat, behi bat eta idi bat, zuriak hirurak, kolore honetakoak garestiagok baitziren. Urtero, bizkaitarrak Oviedora joaten ziren eta berezko irainaz gain, "vaqueira"ren oihartzuna ere jasan behar izaten zuten. Oihartzun hau mendi asturiarretako tontorretatik ohitura mingarri hura haranez haran aldarrikatzen zuten bertsoena zen.

IX. mendearen erdialdean, Eskoziako erregearen alaba bat, bere herrialdetik alde egitera behartuta, gaur egun Mundaka den lekuan lehorreratu omen zen . Berarekin gizon eta emakume asko zetozen, itsasontzi batzuetan. Ekaitz eguna zen eta kostaldera hurbildu zirenean urak oso gardenak zirela ikusteaz batera "aca Munda" hitzak esan zituzten, "ur gardena" esan nahi dutenak eta horregatik deitu zioten Mundaka. Hain gustura egon zen printzesa leku horretan eta bertako jendearekin, beraien artean bizitzen gelditzea erabaki baitzuen.

Gau batean printzesa ametsetan zegoela deabru bat bere gelara sartu eta berarekin egin zuen lo. Deabru honi Bizkaian Sugetzar deitzen diote, Etxeko Jauna, eta Lope García de Salazar kronikagileak idatzi zuen bezala "...printzesa haurdun utzi zuen eta honek seme bat izan zuen, gizon sendo eta gorputz ederrekoa izango zena, eta On Zurian deitu zioten, edo Jaun Zuria."

Alfonso III erregea

Jaun Zuri honek hogei eta hamar urteak oraindik beteta ez zituenean, Asturiaseko eta Leoneko erregea zen Alfonso III.ak, Magno izenaz ere ezagunak, bere seme Ordoño Bizkaian barrena harrapakeria-sarraldi bat egitera bidali zuen. Printze hau Bakioraino heldu zen, bidean topatu zuen guztia harrapatu ondoren. Bizkaitarrak, ohi bezala, Gernikan bildu ziren eta bertan eztabaida luzeak egin ondoren, bi erabaki hartu zuten: bata, urteko zerga ez zutela berriro ordainduko Ordoñori jakinaraztea, eta bestea, Ordoñorekin borrokatzera joatea, berari heriotza emateko ala, osterantzean, guztiok borrokan hiltzeko.

batalla de padura

Asturleondar printzean erantzun zien ez ziela borrokatzeko aukerarik emango, ez beraiei ezta erregea edo errege-odolekoa ez zen inori ere. Orduan, bizkaitarrek Jaun Zuriarengana jotzea erabaki zuten, hau Eskoziako erregearen biloba baitzen. Jaun Zuriari bidezkoa iruditu zitzaion eta bataila hartan buru izatea onartu zuen.

Deiadar mendien tontorrean suteak piztu eta adarrak jo zituzten; Bizkaiko herri eta herrixka guztietan, gizonek, emakumeek, haurrek eta agureek armak zorrozteari, hesiak eraikitzeari eta janaria eta ura biltzeari ekin zioten. Guztia prest zegoenean, Jaun Zuria bere armadaren aurrean, On Santxo Eztigiz, Durangoko jauna, tartean bere gizonekin zegoelarik, Leoneko erregearen semearen armadaren bila abiatu zen. Padurako haranean topatu zirenean bataila gogorra eta luzea izan zen bertan ... "armada bietako soldadu asko hil ondoren, leondarrak galtzaile atera ziren eta erregearen seme hura hilik suertatu zen, bere aldeko armadako askorekin batera".

“… eta Paduran hainbeste odol isuri zenez, leku hari Arrigorriaga deitu zioten, gaur egun deitzen zaion bezala, euskaraz jatorriz "odolez blaituriko harria" izan zitekeena   … eta Jaun Zuria Bizkaiko Jaun izendatu zuten.”

Gaur egungo historialari eta ikertzaile gehienen ustez, Jaun Zuria, Padurako bataila eta berau inguratzen duen guztia Erdi Aroko asmakeriak baino ez dira. Historikoki ez dago Arrigorriaga odolez busti zuen bataila hura benetan gertatu zelako frogarik. Beste hainbat fantasiazko batailarekin bezala, Covadongakoa edo Clavijokoa kasu, fikzioa, errealitatea, historia zatiak eta ia mirarizko gertaerak nahasten dituen hodei magiko batean ezkutatzen da. Baina, egia ala gezurra izanik ere, Padurako bataila mitikoaren benetako balioa bere narrazioak mendeetan zehar irautea izan da, ideal batzuen ikur bihurtu delarik. Bataila hau eskubide batzuen eta gobernatzeko modu baten irudia da eta zenbait alderditan euskaldunen nortasun propioaren oinarri bihurtu da, kanpotarren aginteari aurre egin zion komunitatearena hain zuzen ere.

Arrigorriagan, batailaren oroitzapena ez da bakarrik aurkitzen eliz atariko harrizko hilobian, herriaren armarrian ere aurkitzen baita. Bertan, latin gurutzearekin eta zuhaitzarekin batera, bi otso ikus daitezke, ahoan arkume bana daramatelarik. García de Salazar kronikagilearen ustez, otso hauek "Jaun Zuriak batailara abiatu zenean topatu zituen, ahoan arkume erre bana zeramatela. Seinale on bezala hartu zuten, garai hartako gizonak iragarpen zaleak baitziren".

Web mapa · Kredituak · Eskubide guztiak erreserbatuta