El secreto de las piedras rojas de arrigorriaga

ruta turística de arrigorriaga el secreto de las piedras rojas

1
Euskara
2
Euskal mitologia
3
Padurako gudua
4
Batzar Nagusiak
5
Gerra karlistak
6
Ekonomia
7
Emigrazioa
8
Herri Kirolak

Gerra karlistak

Arrigorriagako bataila gogoangarria historiaren une batean edo bestean benetan izan ote zen ez badakigu ere, argi dagoena da, zalantza izpirik gabe, leku horretan bi armadak elkarri aurre egin diotela behin baino gehiagotan. Arrigorriaga inbutu bat da, leku estrategiko bat non Nerbioi harana estutzen baita Ibaizabal arrora zabaldu baino lehen. Hemengo zubia menperatzen duenak Bilbo Gaztelarekin lotzen zuen bidearen giltza dauka. Gure aurrean daukagun zubiak Nerbioiren bi aldeak lotzen ditu eta Moiordin izena du. 1983ko udako uholde ikaragarriak zubi zaharra suntsitu egin zuen eta bere ordez oraingo hau eraiki zen.

Zubi zahar hura bere aurreko harrizko zubi zaharragoaren gainean eraiki zen. Harrizko zubi hark arku batzuk luzatzen zituen uren gainean eta hauxe da hiru ehiztari zaharrek, karlisten taldeetako beteranoak, Antxonekin eta Kolirekin topatzen direnean zeharkatzen duten zubia.

Azken Gerra Karlistako hasierako liskarretan, 1872. urteko maiatzaren 7an gertatu zen bataila gogorraren lekuko izan zen zubi hau. Arrigorriagaren historiako une hura gogoratu ahal izateko, orain ikusten ari garen paisaiatik oso ezberdina zen beste bat imajinatu behar dugu.

Isola dezagun zubia eta, eraikin guztiak ezabatuz, marraz ditzagun lur landuak eta ortuak ibaiaren bi aldeetan, duela minutu batzuk bisitatu dugun elizaren ondoko etxeetaraino. Gaur egun Arrigorriagaren erdigunea den eremua baserri sakabanatuen lurrak ziren.

Bada, leku honetan armada liberalaren zutabe bat zegoen, Amadeo I. aren aldekoa, karlisten tropek herria inguratu zutenean. Agintari militarrek errefortzuak bidali zituzten Bilbotik eta setiatuek alde egin ahal izan zuten, baina Arrigorriaga karlisten menpean geratu zen. Karlisten tropak asko ez baziren ere, Bilboko ateetaraino hurbiltzeko ausardia izan zuten eta honen ondorioz bilbotar liberalak egun batzuetan urduri samar egon ziren. Bilbon barrena aurrera egin izan balute, gerraren bilakaera zeharo ezberdina izan zitekeen, Bilbok artean ez baitzuen denborarik izan bere defentsa antolatzeko. Baina ez ziren Bilbo konkistatzen ausartu.

guerra carlista

Gerrak lau urte luze iraun zuen eta azkenean 1876. urtean bukatu zen. Baina borrokaren azken liskarretan Arrigorriagan 10 landa-ospitale antolatu ziren inguru guzti hauetako zaurituak zaintzeko.

Pribilegioak

Gerra hartan karlistak, aurreko bi gerretan bezalaxe, galtzaile atera ziren eta Euskal Herriko nekazal munduak suntsipen eta irain bezala hartu zituen gerraren ondorioak, bere eskubide asko eta ohiko antolatzeko modua galdu zituelako. Urte hartako bertako uztailean Cánovas del Castillok, Espainiako gobernuburuak, Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak ordura arte zeuzkaten pribilegioak, hots, zergak ez ordaintzeko eta soldadutza ez egiteko salbuespenak, ezeztatu zituen.

Urtebete geroago Batzar nagusiak ezeztatu ziren. Foruen ezeztapenak kultura mugimenduak eta talde politiko berriak sortzea ekarri zuen eta erreakzio bezala berpizkunde kultural bat sortu zen. Berpizkunde honek euskararen garrantzia eta euskal sentimendu gogorra bultzatzen zituen eta mendearen azken urteetan euskal abertzaletasunaren sorrera bilakatu zen.

Gerra Karlistek sendatu gabe utzi zituzten zauriak berriro ireki ziren, berebiziko indarkeriarekin, 1936ko udan, Gerra Zibilaren hasiera izango zen militar matxinoen altxamendua izan zenean. Parkea eta ibaiertza utzirik, ibilbidea Arrigorriagako kaleetan sartzen da. Horrela eskatzen dute hurrengo gaiek. Horiei esker, geure historiaren beste alderdi batzuk ezagutuko ditugu.

Web mapa · Kredituak · Eskubide guztiak erreserbatuta