"Mila erreal eta txahal bat zuhaitz hau zuk baino arinago moztu baietz!"
Honelako erronka batetik sortu zen, zalantzarik gabe, gaur egun Herri Kirol izenaz ezagutzen duguna. Kirol hauetan euskaldunen nortasunaren bi alderdi bereizgarri biltzen dira: norgehiagokarako grina eta apustuetarako zaletasuna.
Herri Kirolak osatzen dituzten proba guztien jatorria itsasoan, basoan eta batez ere baserrian egiten zen eguneroko lana da. Azken honek, baserriak, sortarazi ditu Herri Kirolen modalitate gehien, beraien artean hedatuena enborrak aizkoraz moztea izanik. Honen jatorria baserriko sutarako, egur-ikatza egiteko eta etxeak eta itsasontziak egiteko behar zen egurra lortzeko zuhaitzak moztean dago.
Harriak jasotzeak horma edo etxe bat eraikitzerakoan harriak leku batetik bestera mugitzeko makinarik ez zegoeneko garaiak gogorarazten dizkigu. Baserriko lanari lotutako Herri Kirolen beste modalitate batzuk daude: belarra segaz moztea; lasto-fardelak jasotzea; txingak eramatea, esne-ontziak eskuetan garraiatzetik datorrena, eta lokotxak biltzea, Euskal Herrian hain hedatuta zegoen artoaren uzta-bilketatik datorrena.
Zenbait aberek ere, baserrietako bizitzaren partaideak zirenez, Herri Kirolen modalitate ezberdinetan parte hartzen dute, adibidez, harriak arrastaka eramatea. Proba honetan astoak, zaldiak eta idiak erabiltzen dira, ezagunenak eta arruntenak idi-probak izanik.
Txakurraren betebeharrak artzain txakurren lehiaketan zerikusi handiagoa du azkartasunarekin eta zuhurtasunarekin indarrarekin baino. Lehiaketa hauetan "gizonaren lagunik onenak" artalde bat gidatu behar du artzainak ematen dizkion aginduen arabera.
Antzinako arrantzaleen lan nekosoak Herri Kirolen modalitaterik ikusgarri eta politenetako bat utzi digu: traineruen estropadak. Gaur egungo kirola lana zenean, arrantzaleak itsasora joaten ziren eta jo eta ke arraun egiten zuten arrantzagune oparoetara joateko eta bertan harrapatutako guztia ahalik lasterren portura eramateko. Meatzaritzaren mundutik ere heldu zaigu kirol mota bat, "harri-zulatzaile"en lehiaketa. Proba honetan kirolariek harrizko blokeak burdin haga batez kolpatuz zulatu behar dituzte.
Baina Herri Kirol guztiak ez datoz lan-mundutik. Gure herrixketako eliz atariak euskaldunen artean gehien hedatu den kirolaren sorburua eta eskola izan dira: pilota
Kirol honen modalitateen artean (esku-pilota, pala, erremontea, sarea, zesta-punta...) gure mugetatik kanpo ospe handiena lortu duena zesta-punta izan da. Hego eta Ertamerikako herrialde askotan, Estatu Batuetan, Kuban eta Filipinetan adibidez, partida zorabiagarriak eta diru mordoa jokatzen direneko pilotalekuak daude, "Jai-Alai" famatuak.
Harri-jasoketa
Izan ere, apustuak Herri Kirolen modalitate guztietan egiten dira, kirol hauen xarmaren, ohituren eta ikuskizunaren parte bat baitira. Harri-jasoketa, aizkora edo sega bezalako probetan, sarritan kirolariek beraiek bultzatzen dituzte apustuak.
Jakina denez, Herri Kiroletarako behar den baldintzetako bat indar fisikoa da. Hala ere, bada azpimarratu beharreko zerbait: kirolarien artean ez dago kontaktu fisikorik. Herri Kirolen modalitateen barruan ez dago indarkeriarako edo erasoaldirako inolako aukerarik. Ahalegin guztia, indar guztiak, nork bere burua eta arerioa gainditzeko erabiltzen dira. Arerioarekiko eta epaileekiko begirunea oso handia da modalitate guztietan eta epaileen erabakiak kiroltasunez onartzen dira.