El secreto de las piedras rojas de arrigorriaga

ruta turística de arrigorriaga el secreto de las piedras rojas

1
Euskara
2
Euskal mitologia
3
Padurako gudua
4
Batzar Nagusiak
5
Gerra karlistak
6
Ekonomia
7
Emigrazioa
8
Herri Kirolak

Euskaldunen emigrazioa Ameriketara

Beren sorterriarekiko atxikimendu handia daukaten arren, euskaldunek ez dute inoiz zalantza izpirik izan, bizitzaren gorabeherek hala eskatuta, bizimodua beren sorterritik urrun bilatzeko. Colon-ek Amerikaren berri mundu zabalean eman zuenetik, euskaldunek halako lilura berezia sentitu dute Amerikarekiko. Hain zen handia lilura hau, ezen Bizkaia XVI. mendean ia gizonezko biztanlerik gabe geratu baitzen.

Hau, zalantzarik gabe, gehiegikeria da, baina egia da kontinente berrira egindako lehen bidaian ehundaka marinel euskaldun joan ziren eta hauen atzetik milaka soldadu, funtzionari, apaiz eta artisau euskaldunek bide bera hartu zuten. Amerikarako emigrazioa beti izan da irtenbide bat "bigarren" semeentzat, hots, baserria oinordetzan hartu ez eta bertan bizitzen geratzeko aukerarik ez zeukatenentzat.

Arrantzaleak

Milaka euskaldun joan ziren Ameriketara XVI. mendearen hasieratik, halaber, hilabete batzuetako lan kanpainetara, adibidez, baleen arrantzan Ternua eta Labradorreraino joaten zirenak.

Amerikaren aurkikuntzatik mende batzuk pasa ondoren, emigrazioa, hasierako garaietako abentura edo handinahia baino gehiago, arazo politikoen ondorioa izan zen. Frantziako Iraultza Iparraldean, geroago Gerra Karlisten ondoren Pirinioen alde honetako probintzietan suertatu zen Foruen ezeztatzea eta geroago izango zen Gerra Zibila milaka euskaldun Argentinara, Uruguayra, Mexikora, Estatu Batuetara... joateko arrazoiak izan ziren.

caza de ballenas

Emigrazioa ez zen gelditu Ameriketako kolonien independentziaren ostean, baina orduan Atlantikoa zeharkatzen zutenak ez ziren funtzionariak, baserrietako semeak baizik, nekazari aske bezala edo amerikar kontinenteko herrialde berrietako landa zabaletan abere talde handietako zaintzaile bezala bizimodu bat bilatzera joaten zirenak.

Arrazoi ezberdinengatik etorkizuna Ameriketan bilatu zuten asko eta asko bertan geratu ziren betiko. Beste batzuk denbora bat pasa ondoren itzuli ziren, berauetako batzuk dirutza baten jabe zirelarik. Beren herri eta hirietara itzuli ziren, luxuzko etxeak eraiki zituzten eta kasu askotan beren jaioterria hobetzen lagundu zuten. Herrietan "indiano" bezala ezagunak ziren eta bertako gazteentzat benetako mito eta eredu bihurtu ziren.

Beraiekin zuhaitz eta landare exotikoak ekarri ohi zituzten, beren etxaldeetako lorategiak hornitzeko. Momentu honetan gauden lorategi hau, Barua parkea, horren adibide bizia da. Minutu batez eserleku hauetako batean esertzen bagara eta ingurura begiratzen badugu, izaki bizi hauen presentzia eta besarkada sentitu ahal izango dugu. Izaki hauek esker oneko gizon eta emakumeek ekarri zituzten lur honetara duela urte asko, eskuzabaltasun handiz hartu zituen beste lur urrun haren oroitzapenetan.

Gaur egun, ehundaka mila euskaldunen seme-alabak bizi dira munduan zehar sakabanaturik, gehienak egun urrun batean Euskal Herria utzi zutenen ondorengoak.

Web mapa · Kredituak · Eskubide guztiak erreserbatuta