Arrigorriagako eta Bizkaiaren parte handi bateko benetako "harri gorriak" lurpean ezkutatzen ziren burdina meazko harriak ziren. Arrigorriagatik Kantabriaraino zeuden burdina hobi oparoak erromatarren garaietatik ezagunak ziren, baina XIX. mendearen erdialdean lehergai eta teknika modernoak erabiliz ustiatzen hasi ziren, Belgikara, Frantziara eta, batez ere, Bretainia Handira esportatzeko.
XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako urteak Euskal Herriak izan duen garairik oparo eta emankorrena izan da. Meatzaritzaren etekinei esker banketxeak sortu ziren, untzigintza eta burdinbideen eraikuntza handitu ziren, zementu eta paper fabrikak sortu ziren eta euskal ekonomia osoa hedapen eta optimismo berebiziko bolada batek bultzatu zuen.
Industriaren garapena eta lana erraz aurkitzeko aukerak ikusita, hamarnaka mila emigratzaile Euskal Herrira joan ziren Espainiako probintzia ia guztietatik. Laster, Bilbo inguruko herrietan ohiko baserrietako nekazariak, fabriketako ugazaba aberatsak eta soldatapeko langile etorri berriak nahastu ziren.
0eko hamarkadaren hasieran Arrigorriagako elizatean 4.000 pertsona inguru bizi ziren. Ordurako bere egitura industriala ondo finkatuta zegoen eta Nerbioi haraneko bigarren hirigune garrantzitsuena zen.
Industrializazio prozesua
Arrigorriagako industrializazio prozesua XIX. mendearen bukaeran hasi zen meatzaritzak bultzatuta, baina handik gutxira sortuko ziren, baita ere, Harino Panaderako lantegia, Barbier Anaien iltze fabrika eta herrian hurrengo hamarkadetan eraginik handiena izango zuen enpresa: Papelera Española.
Enpresa honen sorreraren ondorioz populazioa handitu egin zen, batez ere enpresa talde honetako enpresa ezberdinetatik, bereziki Gipuzkoa, Nafarroa, Albacete eta Zaragozatik, heldutako langile gaituen etorreragatik.
1932. urtean Papeleran 590 pertsonek egiten zuten lan eta 1925. urtean sortutako Hilaturas Ibaizábal enpresan 275ek. Arrigorriagan ia ehun urtez jardun ondoren, Papelera Española enpresak bere jarduera eten zuen 90eko hamarkadan.
Gaur egun Arrigorriagak egitura industrial sendoa du, 200 enpresa baino gehiago hartzen dituzten lau industrialdetan banaturik.